XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arazo hau lauagoa da lurra pH edo azidotasun-neurri berezi batekoa behar duten landareekin.

Hauen lorapoteetan urtero azidotasun horri eutsiko dion gehigarri edo ongarria erantsi behar da.

Gaitzak eta izurriteak

Landareen gaitz edo izurriteen aurkako borrokarik erraz eta eraginkorrena, aurretik kontuak ateratzea da.

Landare berri bat eskuratzerakoan merezi du zorrotz begiratzeak.

Inolako usteldura, zoldura, gaitz edo izurrite-arrastorik badu, etxeko beste landareetatik urruti jarri.

Garbitu eta tratatu ondoren bere onera ez badator, inguruko beste landareak kutsatu baino lehen, landarea desegin eta erretzea hobe da.

Landarearen ingurua garbi edukitzea beharrezko da.

Lorapotea, azpiko platera, hautsa, etab. gaitzak eta izurriteak eransten laguntzen onak dira.

Beraz, garbitasunak landarearen osasunerako berebiziko garrantzia du.

Gaitz eta izurrite arruntenak eta tratamendua

Oro har, gaitz eta izurriteak agertzea, landarea baldintza kaxkar edo desegokian egotearen ondorio besterik ez da.

Gaitza azaldu ordurako, aintzakotzat hartu eta azkar jarri behar da osabidean landarea: erasotako zatia ebaki eta erre, behar izanez gero fungizidak edo intsektizida egokia erabiliz sendatu.

Garrantzitsuena, hala ere, gaitza itsastea eragin duen oinarrizko baldintza desegokia zuzentzea da eta landareak zapuztu edo ahultzen hasten badira, inolako gaitz edo izurritetan pentsatu aurretik ondoko galdera hauei erantzun:

- Gehiegi ureztatzen ote dut?

- Ur gutxiegi ematen ote diot?

- Tenperatura egokia al du?

- Argitasun egokia ote du?

- Neurriko lorapotea al du?

- Noiz luberritu nuen azkenekoz?

Gaitz arruntenak

Usteldura (Botritisak, etab.)

Gehiegizko hezetasunaren ondorio izan ohi da.

Sustraiak lurretik irteten den zurtoin-unea, zurtoina bera edo hostoak ustel daitezke onddo ugariren eraginez.

Zurtoin urtsua duten landareak errazago erasotzen ditu.

Zer egin?

- Landarea tenperatura hotzetan ez eduki.

- Lurra ontzitik atera eta lehortzen utzi.

- Urriago ureztatu eta ihinztatu.

- Gelako aireztapena hobetu.

- Benomilo-z tratatu.

Zurina (Oidioa)

Hostoak eta landarearen beste zati bigunean onddo honek lizuna edo hauts tankerako geruza zuriska garatzen du.

Ondorioz, hostoak okertu, kiribildu eta erori eta puja bigunak makurtu egiten dira landarea ahuldu eta zapuztuz.

Hostoetan argizarizko babesa ez duten landareak erasotzen ditu, batik bat.

Zer egin?

- Zimeldutako zati guztiak ebaki eta kendu.

- Ureztatzerakoan hostoak ez busti.

- Sufrea duten produktuekin tratatu.